ADIMEN-DESGAITASUN DUTEN 200 PERTSONA BAINO GEHIAGO ARI DIRA ALDUNDIRAKO LEP PRESTATZEN, LANTEGI BATUAKEN AKADEMIA EGOKITUAN

Jul, 2021

Lantegi Batuak erakundeak bere akademia egokitua martxan jarri du berriz. Horretan, adimen-desgaitasuna duten 204 gizon eta emakume prestatzen ari dira Bizkaiko Foru Aldundiaren Lan Eskaintza Publikorako. Hautagaien profila: Lantegi Batuak erakundearen baitan beren garapen profesionalerako laguntza jasotzen ari diren erabiltzaileak, langileak edota lan bila dabiltzan pertsonak.

LEP honetan adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako erreserbatutako bost lanpostuetatik, hiru mendeko langileentzako izango dira, eta beste biak mantentze-lanetako langileentzako. Deialdi honetako lehenengo hiru hautaketa probetako lehena urte honetako abenduan egitea aurreikusi da.

Oinarriak honelako hautaketa-prozesuaren arabera egokitzeko, foru erakundeak hirugarren sektoreko erakunde nagusien aholkularitza jaso du, horien artean Lantegi Batuak bera, FEVAS, edota EHLABE.

Oraingo honetan, akademia egokiturako, Lantegi Batuak erakundeak hainbat baliabide berritzaile garatu ditu, tresna digitalak eta gamifikatuak ere, eta hautagaiei eskaini dizkie. Gailu mugikorren bidez dituzte eskura.

Ikasgaiak eta ariketak irakurketa errazeko euskarri gamifikatu batean integratzen dituen tresna interaktibo bat diseinatu da, eta horrek aukera ematen du oposaketaren gaiak erraz eta modu autonomoan errepasatzeko, bakoitzak bere erritmora. Hori guztia Lantegi Batuak Mobile prestakuntza-plataformaren erabilerarekin osatzen da. Horrela, jolasak, ariketak eta bestelako jarduera osagarriak burutu daitezke.

Akademia egokituan prestakuntza jasotzen ari diren pertsona guztien artean, 81 ikasle aurrez aurre bertaratzen dira, goizez edo arratsaldez, Etxebarri edo Sondikako zentroetara. Beste 65 pertsonak on line egiten dute, eta aldian-aldian taldeko saio birtualak egiten dituzte. Gainerakoek, tresna digital eta material espezifikoetarako sarbidea dute.

LEPren berezko ikasgaiez gain, pertsona horien garapenerako beharrezkoak diren konpetentzia digitalak ere lantzen dira.

Bizkaiko Foru Aldundiaren aurreko Lan Eskaintza Publikoan, 2018an, adimen-desgaitasuna duten hiru pertsonak lortu zuten lana mendeko langile gisa BFAn, eta, lan-poltsaren lagapen baten bidez, Bilboko Udalean.

Lantegi Batuak erakundearen akademia egokitua Aukerability programaren parte da. Europar Gizarte Funtsak % 50ean finantzatutako programa bat da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dauka.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika