Abr, 2019
GUREAKen plantillak neurrizko igoera izan du aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Egonkortze honek hazkundea finkatzen lagundu du eta indarrak pertsonen ibilbide soziolaboralaren garapenean jarri dira. Plantillara gehitu diren 155 pertsonetatik, %81 laguntza-premia gehien dituzten pertsonak izan dira, hau da, adimen desgaitasuna edo %65etik gorako entzumen desgaitasuna, desgaitasun fisiko edo gaixotasun mentala duten pertsonak.
Gaur goizean, GUREAKen Donostiako egoitza nagusian izan den prentsaurrekoan, Iñaki Alkortak,GUREAKeko presidenteak, Asier Vitoriak, enpresa taldeko zuzendari nagusiak eta Ainhoa Askasibarrek, GUREAK Itineraryko zuzendariak azaldu dituzte 2018 ekitaldiaren nondik norakoak.
Iñaki Alkortak azaldu duenez, erronka handia suposatu du GUREAKentzat azken urtetan plantillan eta fakturazioan eman den hazkunde esponentzialak, "lau urtetan plantilla 1.500 pertsona baino gehiagotan hazi da eta hazkunde hori egonkortzeko beharra genuen, pertsonen garapen pertsonal eta profesionalean laguntzen duten ibilbideak sustatzen jarraitzeko". Alkortaren hitzetan, aurten formakuntzara 150.000 ordu baino gehiago bideratu dira eta 1,9M euro inbertitu dira lanpostuen egokitzapenean.
Horretaz gain, Alkortak gogora ekarri nahi izan du Iñigo Oyarzabal, pasa den uztailean ezustean zendu zen GUREAKeko zuzendaria. Alkortak azaldu du, “halabeharrez” 2018 urtea berrantolaketa urtea izan dela, bai egiturari eta bai estrategiari dagokionez, “proiektuaren buru zen taldeari jarraipena eman zaio eta bide horretan zuzendaritza batzordea handitu egin da, Industrial dibisioko ordezkaritza zabalagoarekin, Marketing eta Komunikazio zuzendariarekin eta GUREAK Araba eta Navarrako gerenteekin”. Alkortak berretsi du zuzendaritza taldearen egitekoa pertsonengatik eta pertsonentzat lan egitea dela, bereziki laguntza-premia gehien dituztenentzat, eta lan egiten jarraitzea kudeaketan bikaintasuna, sinpletasuna eta lehiakortasuna lortzeko.
Asier Vitoriak, GUREAKeko zuzendari orokorrak, ekitaldiko emaitza ekonomikoak eman ditu eta azaldu duenez taldearen errentagarritasuna %2,4ean kokatu da eta salmentak 250MM eurotara iritsi dira. Hala, autofinantziazio maila %80ean mantentzea lortu da, Europako Enplegu-zentro Berezien batez bestekoa baino altuagoa, azken hauek %50 inguru kokatzen baitira. Vitoriak azaldu du "gizarte ekarpena altua izaten jarraitzen du, zehazki 1-3 ratioarekin, hau da, erakunde publikoek emandako euro bakoitzeko gizarteari 3 euroko ekarpena egiten zaio. Hala, GUREAKek 47,7 milioi euro jaso bazituen, batik bat desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasuna sustatzeko soldaten diru-laguntzetan, zergetan soilik 48,5 milioi euro bueltatu ditu diru-kutxa publikora".
Dibisio bakoitzeko emaitzak aztertuz Vitoriak azaldu du “Zerbitzuak dibisioa egonkor matendu da, nahiz eta tarte operatiboa gutxituz joan den. GUREAK Marketingen emaitzek nabarmen egin dute hobera, marketing zerbitzu integral hornitzaile gisa posizionatzeak jardueran haztea ahalbidetu baitu”. Vitoriak azpimarratu du Industrial dibisioa taldearen motorea izaten jarraitzen duela, baina aurreko urteekin alderatuta ekarpena txikiagoa izan dela automozio sektorearen moteltzearen ondorioz, azken sektore honek taldeko salmenten %25 suposatzen baitu.
Hala ere, balio erantsi handiagoa duen teknologia anitzeko produktu estrategiari esker, esportazioek %20an egin dute gora 2017ko ekitaldiarekin alderatuz eta honen zergatia, GUREAKeko zuzendari orokorraren aburuz, nazioarteko merkatua helburu duen estrategia da. “Industria dibisioko sektoreak berriz finkatu ditugu prozesu komertzialaren eraginkortasuna hobetzeko eta merkatu globalaren ikuspegia finkatzeko helburuarekin. Egun, lanean ari gara automozioan metatu dugun know-howa gainontzeko sektoretara eramateko, bereziki energy eta mobilityra”. Asier Vitoria pozik azaldu da esportazioen hazkundearekin “izan ere, agerian uzten du bezeroak erakartzeko gai garela eta, ondorioz, fakturazioa eta aberastasuna kanpotik Gipuzkoara erakartzeko”.
Azkenik, Vitoriak balioan jarri nahi izan du GUREAKek inbertitzeko egiten duen ahalegina, “2018an 16 milioiko inbertsioak egin dira, aurreko ekitaldian baino hiru gehiago. Inbertsioen hazkundea, zalantzarik gabe, negozioen lehiakortasunaren bermea da, eta ondorioz, etorkizunerako enpleguena ere”.
Ainhoa Askasibar, GUREAK Itineraryko zuzendaria, hitza hartzen azkenekoa izan da eta plantillaren egonkortzearen garrantzia azpimarratzeaz gain, hazkunde azkarra eta GUREAKen egitekoa bateragarri egitearen giltzarriak azaldu ditu. “Alde batetik, formakuntzan jarri dugu indarra, formakuntza programak diseinatu ditugu espreski lanpostu erabakigarrientzat, kualifikazioa lortzeko ikastaldi luzeak behar dituzten lanpostuak. Helburua ikastaldia laburtzea da eta desgaitasuna duten pertsonen ezagutza hobetzea da”, gaineratu du Askasibarrek.
Laguntza-premia gehien dituzten pertsonei dagokienez, prestakuntza duala sustatu da enplegura iristeko “zubi” izan dadin, bai industria atalean eta bai ostalaritza edo marketingean ere, “egiten ikastean oinarritzen diren prestakuntzak dira, berezko edo espaziotan simulatutan, beharrezko laguntzarekin eta trebetasun soziolaboraletan indarra jarriz” azaldu du Askasibarrek.
Itineraryko zuzendariak gehitu duenez, dibisioaren zeharkako lanak, prozesu eta taldeen egokitzapenari esker, desgaitasuna duten pertsonen lanbideratzea eta plantillaren egonkortzea ahalbidetu du.
Amaitzeko, Askasibarrek gogorarazi du GUREAKentzat desgaitasuna duten pertsonak ohiko merkatuan txertatzea lehentasuna izaten jarraitzen duela, Askasibarren hitzetan “geroz eta pertsona gehiagok ohiko lan merkatura salto egiteko aukera izatea nahi dugu eta, aldi berean, lanpostu horiek garapen profesional aberatsa ahabidetzen dutela bermatu”. Itineraryko zuzendariak ohiko merkatuan sortu diren 54 lanpostuak balioan jarri ditu, aurreko urtetako dinamikari jarraiki, eta azpimarratu du garrantzia handia duela horietatik %76ak laguntza-premia gehien dituzten pertsonek betetzea.
Zalantzarik bai?
Jarri harremanetan gurekin
Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika