EROSKIK ETA GUREAKEK EUSKADIKO LAUGARREN SUPERMERKATU INKLUSIBOA IREKI DUTE

Nov, 2022

Azaroak 23an ireki zituen ateak desgaitasuna duten pertsonek kudeatutako laugarren supermerkatua, Soraluzen. Eredu berritzailea, GUREAK eta EROSKIren lankidetzaren emaitza da. Gizarte-ekonomiako bi enpresen arteko elkarlana, 2016an Azpeitian inauguratutako supermerkatuarekin hasi zen, ondoren, Gasteizen 2016an eta 2017an beste bi denda inauguratu ziren, beraz, Soraluzeko supermerkatu berriarekin dagoeneko Euskadin lau dira eredu inklusiboa duten dendak.

Soraluzeko erdigunean dagoen 350 metro karratutik gorako dendan 13 pertsonek lan egingo dute. Establezimenduak labea, freskoen atala, harategia, urdaitegia, prestatutako janaria eta arrandegia izango ditu. Gainera, etxez etxeko zerbitzua ere eskainiko da.

Irekiera berri honi esker, supermerkatu inklusiboen sarea zabalduko da, desgaitasunen bat duten pertsonak laneratzeko aukera berriak eskaintzen dituena, batez ere laguntza-premia handienak dituzten pertsonentzat. Gainera, eredu honek lantaldearen gaitasunen aniztasuna ikusarazten laguntzen du, hein handi batean, publikoarekiko zuzeneko harremanari esker.

Asier Vitoriak, GUREAKeko zuzendari nagusiak, ziurtatu du bereziki harro dagoela Euskadin erreferentea den enpresa batekin egonkortu duten lankidetzarekin, non alderdi guztiek etekina ateratzen duten, “GUREAKek EROSKIren esku jartzen du desgaitasuna duten pertsonen laneratzearen esparruan duen know how-a, EROSKIk bere supermerkatu eredua jartzen du eta bien indarrak batuz, desgaitasuna duten pertsonentzat sortutako aukerak biderkatzea lortzen dugu” gaineratu du Vitoriak.

“Duela sei urte, gizarte-berrikuntzako ekimen aitzindari bati ekin genion, hedatzen joango zenaren ilusioarekin. Aurreko esperientzien balantze positiboak berretsi du gure denda frankiziatuaren ereduaren lehiakortasuna; izan ere, gure inguruan enplegua eta aberastasuna sortzeko eta enplegu sozialaren dibertsifikazioan aurrera egiteko helburua duten ekintzaileekin, kooperatibekin eta gizarte-ekonomiako enpresekin partekatzera irekita dago”, adierazi du Alberto Madariagak, Supermerkatu eta Prozesuen zuzendariak.

Aurretiko prestakuntza

Irekiera aurretik, lantaldeak osatzeko orduan osagarritasuna kontutan izaten da, langileen gaitasunei ahalik eta etekin handiena ateratzeko eta zerbitzu profesionala bermatzeko. Gainera, prestakuntza-plan zehatza jasotzen dute GUREAK eta EROSKIren eskutik; lanpostuak egokitzea, prozesuak, zereginak eta funtzioak profilen arabera banatzea, etab. 

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika