Mar, 2021
Zentro berezietan desgaitasuna duten pertsonen enpleguak bere horretan jarraitzen du, pandemiak eragindako gizarte eta ekonomia krisia delarik ere. Iaz, EHLABE Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartearen erakundeek desgaitasuna zuten 8.232 pertsonari eman zieten lana, aurreko urtean baino hiru gehiagori. Kolektibo honen enplegua 8.000 lanpostutik gorakoa da Euskadiko zentro berezietan, bigarren urtez jarraian.
EHLABEk ere hobetu egin zituen desgaitasuna duten eta enplegu-zentro berezietatik kanpo lan-merkatu arruntean edo irekian sartzen diren langileen kopuruak, elkartearen beste helburu nagusietako bat. Guztira, desgaitasuna duten 210 pertsona sartu ziren lan-merkatu arruntan, aurreko urteko 205ak baino bost gehiago, eta horietatik, gehienak, %83,8, laguntza premia handiagoak dituzten pertsonak izan dira (gaixotasun mentala, desgaitasun intelektuala edo % 65etik gorako desgaitasun fisiko eta sentsoriala duten pertsonak).
Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkarteak 14 erakunde eta ehundik gora enplegu zentro biltzen ditu Euskadin, eta dagoeneko autonomia erkidegoko lan enpresa berezien % 95 baino gehiago biltzen ditu.
Gainera, elkartea osatzen duten enpresek 291 millioi euro fakturatu zituzten 2020an, aurreko urtean baino %20 gutxiago, pandemiak eragindako krisia dela eta. Nolanahi ere, fakturazioak behera egin arren, erakundeek langile propioak mantentzea lortu zuten, baita merkatu arruntera jauzi egin zuten pertsonen kopurua handitzea ere.
Oro har, EHLABEren jardueraren banaketa sektoreka orekatuta dago. Zerbitzuen sektorean enpleguen % 41,6 daude, eta industrian, berriz,% 58,4.
Hauek dira Idoia Mendia lehendakariordea eta Lan eta Enpleguko sailburuak eta Txema Franco EHLABEko presidenteak goizeko prentsaurrekoan aurkeztu dituzten 2020ko EHLABEren balantzearen datu nagusietako batzuk. Datu hauek, kolektiboaren lanpostuak mantentzeko eta langileen osasuna babesteko egindako ahalegina eta lankidetza publiko-pribatua berresten dute, arduradunek adierazi dutenez.
EHLABEren, Lan eta Enplegu Sailaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren arteko lankidetza 2020an enplegu zentro berezietan aplikatutako ABEE-etan edo enplegagarritasunari lotutako deialdien malgutzean ere islatu da.
Laguntza-premia handiagoak
Gainera, EHLABEk sortutako enpleguak desgaitasunen bat izan eta enplegagarritasunerako laguntza-premia handiagoak dituzten pertsonak izan ditu ardatz. Ildo horretan, EHLABEko langileen %57 kolektibo honen parte da, iaz baino hamarren bat gehiago. Gainera, enplegu egonkorra da. Desgaitasuna duten langileen % 75ek kontratu mugagabea du EHLABEko enplegu-zentro berezietan.
Horrela, EHLABEk pandemia hasieran ezarritako helburu nagusiak bete ditu. “EHLABEra atxikitutako gizarte ekimeneko erakundeek lan handia egin behar izan dute, desgaitasuna duten langile guztien enpleguari eusteko helburua lortuz; halaber, ingurune arruntetan enplegua sustatzen lortutako emaitzak nabarmentzekoak modukoak dira”, azaldu du Txema Francok.
Aldi berean, EHLABEko erakundeek enplegagarritasun zerbitzuak sendotu dituzte pandemian, osasun betebeharretara egokituta, desgaitasuna duten pertsonei orientazioa eta prestakuntza zerbitzuak eskaintzeko. Horrela, desgaitasuna duten 8.446 pertsonek heziketa jaso zuten (aurretiko heziketa, heziketa duala eta profesionaltasun ziurtagiria), lana izateko behar diren gizarte eta lan gaitasunak eskuratzen eta garatzen laguntzeko.
Langabezia-tasa
Datu horiekin, gizarteratzeko eta laneratzeko euskal ereduak "erreferentzia izaten jarraitzen du desgaitasunaren eta enpleguaren sektorean, bai Estatuan, bai Europan", azpimarratu du Francok. Izan ere, azken datuen arabera, Euskadik desgaitasuna duten pertsonen langabezi tasarik baxuena du Estatuan. EAEko tasa % 16,5ekoa da; Estatukoa, berriz, % 23,9.koa
Aldi berean, kolektiboaren enplegu tasa %29,3koa da Euskadin, Espainian, berriz, %25,9koa. “Gure eredua bermerik sendoena da pandemia mundialak eragin duen gizarte eta lan inpaktuari aurre egiteko” adierazi du EHLABEko presidenteak.
Dena den, desgaitasuna duten pertsonen kolektiboaren langabezia-tasak oso altua izaten jarraitzen du tasa orokorrarekin alderatuz gero, “horregatik tasa hori murrizteko lanean jarraitu behar dogu” adierazi du Francok. Horrela, Euskadin, azken datuen arabera, desgaitasuna duten eta lanerako adina (16 eta 64 urte bitartekoa) duten 84.300 pertsona inguru daude; horietatik, 24.600 inguru aktibo daude, eta hirutik batek baino ez du lan egiten enplegu-zentro berezietan.
EHLABEk, egun, honako erakunde hauek ditu partaide: Gureak, Sutargi eta Katea Legaia, Gipuzkoan; Lantegi Batuak Fundazioa, Usoa Lantegia, Ranzari Lantegia, Gallarreta Lantegiak, Bidaideak, Bizgorre, Eragintza Fundazioa, Apnabi eta Rafaela María Elkartea, Bizkaian; eta Indesa eta RAEP, Araban.
Urte honi begira, langileen osasuna babesten jarraitzeko, enpleguari eusteko, enplegagarritasun-zerbitzuak indartzeko eta lan-aukera berrien bidez jarduera berreskuratzeko helburuak ezarri ditu EHLABEk.
Zalantzarik bai?
Jarri harremanetan gurekin
Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika