Gizarte erakundeek Aldundian sartuko diren adimen-desgaitasuna duten pertsonen laneratzean lagunduko dute

Nov, 2018

Bizkaiko Foru Aldundiak eta hirugarren gizarte sektoreko APNABI-Autismo Bizkaia, Gaude, Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioa eta Lantegi Batuak erakundeek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute izena eman zuten enplegu publikorako eskaintza gainditu ostean urtarrilean foru erakundera mendeko langile gisa txertatuko diren adimen-desgaitasuna duten bost pertsonei laneratzeko prozesuan laguntzeko.

Hala, hautatzeko prozesua amaitzean eta pertsona horiek lanpostuan eta eginkizunen jardueran arrakastaz laneratzeko, kasu bakoitzean laguntza eta jarraipen pertsonalizatu eta indibidualizatua (enplegu lagunduaren metodologiaren barruan) eskainiko duen lan-prestatzaile baten laguntza izango dute.

Aipaturiko bost pertsonak beren lanpostuan funtzionario berri gisa txertatzeko xedea duen prozesu horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera egin du adimen-desgaitasuna duten pertsonen egiazko integrazio eraginkorrari dagokionez. Foru erakundea beren-beregi kolektibo horretako pertsonentzako xedaturiko plazak deitu dituen lehenengo euskal administrazioa bihurtu da.

Enplegu Publikorako Eskaintzak zerbitzuen langile kategoriako -mendeko lanpostua- 5 plaza betetzeko xedea zuen. Hori dela eta, foru erakundeak hautaketa-prozesu berritzaile bat jarri zuen martxan ad hoc. Horretarako, ezaugarri horiek zituen hautaketa-prozesu batera egokitzeko materialak eta testu espezifikoak sortu zituen. Pertsonen kolektibo horrekin lan egiten duten hirugarren sektoreko erakundeek uneoro aholkatu dute prozesua eta orain lanpostu berrietara egokitzen laguntzeko xedea duen lankidetza-hitzarmena sinatu dute.

Era berean, eta aldez aurretik, laneko laguntza eskaintzeaz arduratuko diren langileek desgaitasuna duen pertsonaren laneratzea erraztera bideratutako sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzak gauzatuko dituzte Foru Aldundiko langileen artean.

Iturria

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika