GUREAKEK 6.000 POSTURI EUSTEA LORTU DU PANDEMIAK MARKATUTAKO EKITALDIAN

Mar, 2021

Gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrean GUREAKeko datu ekonomikoen eta giza taldearen balantzea. Aurkezpena Donostiako egoitza nagusian egin dute eta honakoek parte hartu dute: Iñaki Alkorta GUREAKeko presidentea, Asier Vitoria zuzendari nagusia eta Ainhoa Askasibar Itinerary dibisioko zuzendaria.

Covid-19ak eragindako pandemiak erabat markatutako ekitaldian, enpresa-taldea osatzen duten ia 6.000 pertsonen enpleguari eta okupazioari eustea lortu du GUREAKek. Iñaki Alkortak, enpresako presidenteak azpimarratu duenez, "hori da, zalantzarik gabe, ekitaldiaren daturik nabarmenena eta gure lehentasun osoa". Zehazki, ekitaldia 5.944 pertsonarekin itxi du, eta horietatik% 83k desgaitasunen bat du.

Gipuzkoako erakundeko presidenteak gogorarazi duenez, GUREAKen misioa desgaitasuna duten pertsonentzako lan aukerak sortzea da, batez ere laguntza premia handiena duten pertsonentzat, "urte zail honetan erabaki asko hartu behar izan ditugu osasuna bermatzeko eta pertsona zaurgarrienak babesteko".

Pandemiaren bilakaera

Asier Vitoriak, GUREAKeko zuzendari nagusiak, pandemiaren lehen hilabeteak nola bizi izan zituzten azaldu du: "kontuan izan behar da GUREAKeko giza taldea konplexua dela eta pertsonak babestu ahal izateko erantzun azkarrak eman behar izan genituela. Hala, Covid-19aren aurrean ahulenak zirenak etxera bidali genituen eta gainerakoentzako laguntza eta babes lerro ezberdinak aktibatu genituen".

Horrela, pandemiaren hasieran GUREAKek 10 ERTE aktibatu behar izan zituen, 2.900 pertsonari eragin ziena. Kasu guztietan, enplegu-erregulazioko espedienteen modalitate ezberdinak langileen ordezkariekin adostuta aplikatu ziren. Gainera, ERTEak eragindako pertsonen soldatak %100eraino osatzea erabaki zen, “krisiaren lehen hilabeteak oso gogorrak izan ziren zentzu askotan eta gure taldearen ahalmen ekonomikoan ere eragina izatea saihestu nahi genuen ", adierazi du Asier Vitoriak.

Gainera, Vitoriak gogorarazi duenez, enpresako hainbat langilek funtsezko sektoretzat jotzen diren jardueretan lan egiten dute, eta ondorioz aurrez aurreko lanean aritu ziren konfinamendu-aldi osoan. "1.000 pertsona baino gehiago lehen lerroan aritu ziren adinekoen egoitzetan, garbiketan, garbitegi industrialean, supermerkatuetan, zerbitzuguneetan, etxez etxeko janari-zerbitzuetan eta abarretan, eta balioan jarri nahiko nuke hasierako hilabete kritiko horietan egin zuten ahalegina".

Urteko bigarren hiruhilekoan, ERTEn zegoen plantilla pixkanaka aktibatu zen, Covid-19aren aurrean pertsona bakoitzak zuen kalteberatasunaren eta mendekotasun-mailaren arabera. Hala ere, ekainaren amaierarako, murrizketa zehatzei lotutako jardueretan izan ezik, ia talde osoa bere lanpostura itzuli zen.

Gaur egun, hasierako 10 ERTEetatik Ostalaritzari dagokiona bakarrik geratzen da aktibo, ostalaritza-sektorea bizitzen ari den murrizketen ondorioz, eta une honetan 7 pertsona besterik ez dute jarraitzen ERTE barruan.

Talde-ikuspegia

Ekonomia globalean gertatu den bezala, GUREAKen ere krisiak modu desberdinean eragin die sektoreei; Ostalaritzan eragin zuzena izan du murrizketen ondorioz, baina industria atalean edo Garbitasunean, ordea, jarduerari eutsi diote. Beraz, dibertsifikazio horri esker, taldeak modu positiboan amaitu du ekitaldia.

Ainhoa Askasibar Itinerary dibisioko zuzendariak azaldu duenez, "urte konplexu honetan agerian geratu da Itinerary dibisioak duen paper egituratzailea, izan ere, talde ikuspegia funtsezkoa izan baita desgaitasuna duten pertsonen enpleguari eusteko". Askasibarren hitzetan, Itineraryk

jauzi kualitatibo garrantzitsua eman behar izan du malgutasunari eta bizkortasunari dagokienez, ikaskuntzan eta aukeretan aberatsak diren ibilbideak eskaintzen jarraitu ahal izateko: " 250 igarotze baino gehiago egin ditugu, epe laburrean errekuperatu ezin diren jardueretatik lanari hobekien eutsi dioten jardueretara, eta kasu bakoitzean behar ziren prestakuntza-laguntzak ezarri ditugu". Estrategia horrek erakunde osoaren ahalegina eta inplikazioa behar izan ditu, pertsonei orientazioa, prestakuntza eta ikuspegi integraleko egokitzapenak emateko, lanpostuen gaitasun-gap edo eskumen-arraila murrizteko.

Taldearen osaerari dagokionez, kolektibo nagusia adimen-desgaitasuna duten pertsonena da oraindik ere: %27. Hala ere, gaixotasun mentala duten pertsonak gero eta gehiago dira, %43 igo baitira azken bost urteetan. Ildo horretan, Askasibarrek azpimarratu du orain inoiz baino gehiago "gure fokua eta pertsonen hazkundea laguntza-premia handienak dituzten pertsonengan dagoela, hau da, %65etik gorako desgaitasun intelektuala, gaixotasun mentala edo desgaitasun fisiko eta sentsoriala duten pertsonengan”. Une honetan 3.325 pertsona dira profil horretan sartzen direnak, langileen %56, iaz baino %3 gehiago.

Datu ekonomikoak eta dibisioak

GUREAKeko zuzendari nagusiak emaitza ekonomikoak laburbildu ditu, eta azpimarratu duenez, "garrantzitsuena da lan-karga eta jarduera %80an mantentzea lortu dugula. Fakturazio globala 180 MM €-koa izan da, eta dibisio guztiek urtea positiboan itxi dute". Vitoriak azpimarratu du ekoizpenari eta lan komertzialari eusteko egindako ahaleginari esker lortu dela merkatu beherakada geldiaraztea, baita ahalmen ekonomikoaren, osasunaren eta segurtasunaren arloan talde osoa babesteko hartutako neurrien gainkostuari galerarik gabe aurre egitea ere".

Industria dibisioari dagokionez, nabarmentzekoa da GUREAK Mexiko enpresaren abiaraztea. Horren helburua da ezarpen produktibo bat izatea, NAFTA eremuko automobilgintzako bezeroen beharrei erantzuteko eta, horrela, Gipuzkoako lan-kargari eusteko. Gainera, lehentasunezkotzat jotzen diren sektoreak, hala nola energia (adibidez, Vestas) edo mobility (Talgo, Orona, Otis…), fruituak ematen ari dira esleipen esanguratsuekin.

Marketing dibisioan berriz logistika- eta banaketa-unitatean jardueraren hazkundea izan da deigarriena. Bestalde, Arabako instalazio berriekin dokumentuak tratatzeko jardueran zaintzagaitasuna handitu egin da ere, eta osotasunean, bezeroei balio erantsi handiagoko eskaintza egiteko gaitasuna handitu egin da.

Zerbitzu dibisioan, negozioen arteko emaitzak oso desberdinak izan dira; Eroskirekin frankiziatutako supermerkatuek eta etxez etxeko otordu-zerbitzuek salmentak handitu dituzte, eta beste jarduera batzuek, hala nola zerbitzu-geltokiek, catering eta vending zerbitzuek, osasun-larrialdiaren ondoriozko jarduera-falta jasan dute.

2021erako aurreikuspenak

Historikoki, GUREAKek talde osoaren onurak proiektu eta ekipamenduetan eta egokitzapenetan berrinbertitzen ditu, alde batetik, pertsonen autonomia eta garapen profesionala laguntzeko eta, bestetik, GUREAK ereduaren lehiakortasuna eta iraunkortasuna bultzatzeko. Hala ere, Asier Vitoria zuzendari nagusiak adierazi duenez, "joan den ekitaldian ezegonkortasuna izan zen nagusi, eta, beraz, ondasun higiezinei lotutako inbertsio guztiak bertan behera uztea erabaki genuen, gure finantza-gaitasuna negozioen iraunkortasun ekonomikoan zentratzeko". Hala, 2020an, 1,4 MM€ erabili ziren prozesuak eta lanpostuak egokitzeko, eta beste 3,1 MM€ ekoizpenbaliabideetan inbertitzeko, jardueren jarraitutasuna eta bezeroentzako zerbitzuaren betetzea bermatzeko. Beraz, aurreko ekitaldiko inbertsioak, guztira, 5,6 MM eurokoak izan ziren.

Zapategiko (Usurbil) prestakuntza, teknologia eta ekoizpen-gune berria eraikitzeari dagokionez, Vitoriak berretsi du GUREAKen proiektu estrategikoa dela: "plan honen helburua da espazio berri bat lortzea, gure lehentasunezko kolektiboarentzat espazio egokituak eta kalitatezkoak bermatuko dituena; beraz, hainbat kokagune aztertzen ari gara, gure beharretara hobekien zein egokitzen den ikusteko".

Amaitzeko, Alkortak GUREAK taldeko kide guztiak zoriondu nahi izan ditu bere inplikazioagatik eta dedikazioagatik, "izan ere, pertsona horiei guztiei esker makineria martxan mantentzea lortu dugu, lan-bolumenak eta jarduera % 80tik gertu mantenduz, urte ‘normal’ batekin alderatuta”.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika