LANTEGI BATUAK ERAKUNDEAK 500 LANPOSTU BIDERATU DITU DESGAITASUNA DUTEN PERTSONENTZAT, BIZKAIKO ENPRESETAN

Dic, 2020

Gaur egun, desgaitasuna duten 124 pertsona daude kontratatuta 88 enpresatan. Adimen-desgaitasuna duten pertsonak dira, batez ere. Egun indarrean dauden kontratuetatik, ehuneko 81 mugagabeak dira, ehuneko 14 sustapenerako kontratu egonkorrak dira, eta, gainerako ehuneko 5, aldi baterakoak.

Beste aspektu batzuen artean, Lantegi Batuak erakundearen Lagundutako Enplegurako Programaren barruan, enpresei aholkularitza orokorra ematen zaie desgaitasuna duten pertsonak kontratatzearen inguruan: araudia, legeria eta hobariak. Gainera, Administrazioaren laguntzak jasotzeko gestioetan laguntzen zaie. Era berean, lanpostu indibidualizatuen inbentario edo analisia eta hautaketa-prozesua egiten da, eta langilea bere lanpostura egokitzeko prestakuntza eta jarraipena ematen da. Programa sortu zenetik, Bizkaiko ia 16.000 enpresak jaso dute gure bisita edo aholkularitza.

Enplegu arruntera egokitzeko faseetan, adimen-desgaitasuna duten pertsona guztiek daukate Lantegi Batuak-eko prestatzaile baten laguntza. Laguntza hori maila batekoa edo bestekoa izango da kasu bakoitzaren beharrizanen arabera, eta aldenduz joango da apurka-apurka, jarraipen puntual bihurtu arte.

Lagundutako enplegurako programa horrek La Caixa erakundearen Incorpora programaren lankidetza dauka eta LANBIDEK finantzatzen du, desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzera bideratutako lan arloko politika aktiboen barruan.

Indarreko legeria eta laguntzak

Indarreko legeriaren arabera, 50 langiletik gorako enpresetan lan-talde osoaren ehuneko 2a desgaitasuna duten pertsonak izan behar dira. Kanpo gera daitezke, salbuespen moduan, 2000ko urtarrilaren 14ko 27/2000 Errege Dekretuan jasotako neurri alternatiboren bat betetzen duten enpresak (2000ko urtarrilaren 26ko BOE, 22. zk.), hala nola merkataritza-kontratu bat edo kontratu zibil bat edukitzea enplegu zentro berezi batekin eta dohaintza edo babesletza ekintzak burutzea lan-jarduerara eta desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzera bideratutako jarduerak garatzeko.

Bestalde, enpresen ikuspuntutik garrantzia handia duen aspektu bat hauxe da: desgaitasuna duten pertsonak hartzen dituzten enpresentzako dauden diru-laguntzak.

https://www.youtube.com/embed/r1WKy52pqeA

2020ko egoera

Koronabirusa eta horren ondoriozko pandemia oztopo handia izaten ari da enpresentzat. Askok langileak kontratatzeko asmoak alde batera utzi edo murriztu behar izan dituzte, eta desgaitasuna duten pertsonen lan-aukeretan eragin negatiboa izan du horrek.

Enpresa asko itxita egon dira tarte batean; beste batzuek ez dute aukerarik inor kontratatzeko, ERTE egoeraren daude eta.

Bestalde, zabalik egon diren enpresetako askok aurrez aurreko bisitak oztopatzen dituzten neurri eta protokoloak eduki dituzte ezarrita. Hori dela eta, Lantegi Batuak-ek Lagundutako Enplegurako Programaren bidez izan dituen kontaktuak % 17 murriztu dira 2020an, eta aurrez aurreko bisitak % 50. Era berean, prospekzioa egiteko zailtasunak direla eta, hautaketa-prozesuak % 55 murriztu dira.

Testuinguru konplikatua da oraingoa. 2020an 21 kontratazio baino ez dira egin; % 86a zerbitzuen sektorekoak izan dira, % 10a administrazio edo hezkuntzakoak, eta gainerako % 4a industria sektorekoak.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika