Mar, 2021
Pertsona horien guztien laneratzea bereziki garrantzitsua da, izan ere, enplegua lortzeko zailtasun gehiago dituzten pertsonak dira. Kolektibo horren langabezia-tasa % 16,5etik gorakoa da. Era berean, horrek argi uzten du Lantegi Batuak erakundeak balio sozial integratua eskaintzen duela, eta aspektu askotan daukala eragina (gizartea, langileak eta beren familiak, administrazioak, enpresa-sarea eta abar).
Plan Estrategikoaren azken urtea 2020a izan da, pandemiaren urtea, eta ohiko jarduera pertsonen segurtasun eta osasuna bermatzeko neurriekin uztartu behar izan da. Testuinguruaren zailtasunak gorabehera, Lantegi Batuak berehala egokitu zen bezeroaren beharrizanetara: Energia horniketa eta ekipamendu elektrikoen sektoreei etengabeko zerbitzua eman zien, baita beste sektore batzuei ere, hala nola elikadura, logistika edota instalazio kritikoen mantentze-lanari.
Era berean, erakunde publikoentzako eta oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituzten bezeroentzako garbiketa-zerbitzua ematen jarraitu zuen, hala nola egoitzak, pertsona nagusientzako etxez etxeko janari banaketa edota laguntza produktuak eskaintzen dituzten erakundeentzako.
Aldi baterako lan-karga murriztu zitzaien lau industria zentroen kasuan, jardueraren zati bat berrantolatu zen musukoak eta bestelako babes-ekipamenduak egiteko; izan ere, krisi garaian ezinbesteko elementu bihurtu dira.
Egokitzeko gaitasun eta malgutasun horri esker, gizarte-ekonomiak 71,3 milioi euroko fakturazioa lortu zuen 2020an, aurreko ekitaldiaren oso antzekoa. Autofinantzaketa bolumena % 80koa izan zen. Urtean zehar zerbitzu eta multiteknologia eskaintza zabaltzen jarraitu zuen. Horri esker, 150 bezero berri lortu ziren.
Horren guztiaren ondorioz, Lantegi Batuak erakundeak langile guztien enpleguak mantentzea lortu du, baina ez hori bakarrik; desgaitasuna duten pertsonentzako 21 lan aukera berri sortu ditu Bizkaiko hainbat enpresatan. Orotara, 2020ko abenduaren 31n, 3.144 pertsona zeuden Lantegi Batuaken barruan; horietatik % 82k desgaitasunen bat dute.
On line prestakuntza eta digitalizazioaren aldeko apustua
Krisiaren hilabete kritikoenetan, zerbitzu okupazionala, prestakuntza ikastaroak eta orientazio eta hautaketa zerbitzua urrunetik eman zituen Lantegi Batuakek, neurri handi batean, on line plataformen bidez.
Plataforma horien garapena aurrerapauso handia izaten ari da erakundearen digitalizazio prozesuan, aurrez aurreko eta urruneko prestakuntzaren arteko eredu osagarri bati esker.
Testuinguru horretan, 2020an 30.880 ordu bideratu ziren langileen gaikuntzara. 2.044 pertsonak hartu zuten parte prestakuntza-jardueretan. Gainera, 76 pertsonak lortu zuten beren espezialitateari dagokion esperientzia profesionalaren errekonozimendua.
Bestalde, Lantegi Batuak erakundeak badauka enplegagarritasuna sustatzeko prestakuntza programa bat, Lan Eskola, eta horren barruan enplegura bideratutako oinarrizko prestakuntza profesionalerako zazpi ikastaro eman ziren; garbiketa, lorezaintza, administrazio zerbitzu, muntaketa elektriko, fabrikazio mekaniko edota ekipo elektriko eta elektronikoen mantentze-lanerako. Prestakuntza hori jaso dutenak desgaitasuna duten eta langabezian dauden pertsonak izan dira, batez ere.
Unibertsitate esparruarekin etengabe ari gara lankidetzan, eta, horren baitan, beka deialdi berriak abiatu ziren desgaitasuna duten pertsonentzat, EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Errioxako Nazioarteko Unibertsitatearekin elkarlanean.
Plan Estrategiko berria
2021a Plan Estrategiko berriarekin hasi da. 2021-2023 aldirako dago pentsatua. Plan horren xede nagusia zera da: Lantegi Batuak erreferentziazko erakunde izatea bezeroei konponbide aurreratuak emateko gaitasunari dagokionez. Horretarako, teknologia, ekipamendu produktiboa eta lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak egingo dira, beste batzuen artean.
Era berean, desgaitasuna duten pertsonak laneratzeko laguntza eta aukerak sortzea gure erakundearen oinarri nagusietako bat da, eta hala izaten jarraituko du. Horrela, Bizkaiaren kohesio sozialari eta iraunkortasunari ekarpena egiten jarraitu nahi dugu.
Zalantzarik bai?
Jarri harremanetan gurekin
Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika