May, 2019
Lantegi Batuak erakundeak adimen-desgaitasuna duten 83 pertsona Bizkaiko enpresa arruntetan laneratzea lortu du, azken hiru urteetan. Zifra horiek bereziki adierazgarriak dira lan merkatura sartzeko zailtasun handiak dituzten pertsonez ari garela kontuan hartzen badugu; izan ere, pertsona horien langabezia tasa ehuneko 16,5etik gorakoa da lurraldean. 2018ko abenduaren 31n, 3.094 pertsona biltzen ziren Lantegi Batuak-en (%35 emakumeak eta %65 gizonak); horietatik % 83 desgaitasunen bat dutenak.
Lantegi Batuak enpresak 74 milioi euroko fakturazioa lortu zuen 2018an, eta sektorekako dibertsifikazio-prozesuan sakontzen eta zerbitzu eta teknologia anitzeko eskaintza handitzen jarraitu zuen. Irabazi asmorik gabeko erakundeak autofinantzaketa bolumena lortu zuen, ehuneko 82ko salmenten ondorioz.
Enpresa arruntetako enplegu sorkuntza Lagundutako Enplegurako programaren bidez kudeatzen du Lantegi Batuak erakundeak. Beste gauza batzuen artean, aholkua ematen die enpresei, desgaitasuna duten pertsonen kontratazioaren inguruan; administrazio publikoan laguntzak tramitatzeko erraztasunak ematen ditu; lanpostuari buruzko azterketa egiten du; hautaketak egiten ditu; eta langilearen prestakuntza eta jarraipenaz arduratzen da. 2018an desgaitasuna duten pertsonak kontratatu dituzten enpresetako bi Faes Farma eta Lanmedia Comunicaciones izan dira.
Raquel Martin da pertsona horietako bat; ordenantzako langile gisa ari da Faes Farman: “6 hilabete baino gehiago daramatzat. Lana oso gustuko dut, soldata bat daukat eta gizarte segurantzan kotizatzen dut. Lankide berri asko ere ezagutu ditut. Esperientzia honi esker, zabaldu egin naiz. Asko estimatzen dut nire lan prestatzailea, oso garrantzitsua da; ni bakarrik egonda, asko kostako litzaidake dena ikastea”.
Marta Ciriak, Faes Farmako giza baliabideetako kideak, zera esan digu: “desgaitasuna duten hiru pertsona ari dira enpresan. Raquelek, esaterako, gauza asko ditu guztioi irakasteko. Oso zentzuduna da, baina baita alaia ere, eta maitagarria. Lagundutako enplegurako programaren balorazioa oso ona da”.
Bestalde, Luis Ramón Antequerak garbitzaile gisa lan egiten du Lanmedia Comunicaciones enpresan. “Ia urtebete daramat; garbiketa lanak egiten ditut eta biltegiko kideari ere laguntzen diot. Enpresa honetan lan egiteak bizitza aldatu dit; Lantegi Batuak-ek garbiketa arloko profesionalaren ziurtagiria lortzen lagundu dit eta banuen gogoa enpresa arrunt batean lan egiteko. Nire lanaren arduraduna naiz. Gainera, nire lan prestatzailearen babesa daukat, eta hori funtsezkoa da, konfiantza ematen baitu. Batez ere, hasieran, laguntza hori izatea beharrezkoa da”.
Jose Manuel Sánchezen esanetan, Lanmediako Zuzendari Nagusia, “adimen-desgaitasuna duen pertsona bat hartzea enpresaren beharrizanen ondoriozko erabakia izan zen. Luis Ramónek ia urtebete darama gurekin eta pozik gaude; oso ondo egokitu da eta gutako beste bat da, dagoeneko. Esperientzia dauka eta ondo betetzen du bere lana”, esan du, amaitzeko.
Prestakuntzaren aldeko apustua
2018an ere, prestakuntza ardatz nagusietako bat izan da guretzat, laneratzea lortzeko bidean. Urte honetan, 48.900 ordu eskaini dizkiogu lan-taldea trebatzeari, aurreko urtean baino % 13 gehiago. Gainera, Lantegi Batuak erakundeko 79 pertsonak lortu zuten beren esperientzia profesionalaren errekonozimendua, espezialitate desberdinetan. Getxoko eta Etxebarriko Lantegi Batuak zentroek eta BBK Bilbao Good Hostel ostatuak homologazioa jaso zuten garbiketa, ostalaritza, administrazio lan eta digitalizazioan ziurtagiriak emateko.
2018an K1 Erasmus programaren barruan kokatutako bi esperientzia aitzindari jarri ziren martxan; horren ondorioz, adimen-desgaitasuna duten Lantegi Batuak erakundeko 14 pertsonak praktikak egin zituzten Italia eta Finlandiako enpresetan.
Prestakuntza arloko beste mugarri garrantzitsu bat adimen-desgaitasuna duten gizon eta emakumeen laneratzea sustatzeko akademia egokitu bat sortzea izan zen. Enplegu publikoan integratzera begira dagoen proiektu bat da eta bide-laguntza eta gaikuntzarako metodologia berritzaileak erabiltzen dira. Akademia horrek Lantegi Batuak-eko 60 pertsonari eman zien prestakuntza. Adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako lehenengo eskaintza publikora aurkeztu ziren, Bizkaiko Foru Aldundiak deituta.
Aurreko urteetan legez, Lantegi Batuak-ek beka deialdi bat antolatu zuen desgaitasuna duten ikasleentzat; UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Errioxako Nazioarteko Unibertsitatearekin batera.
Etengabeko hobekuntza eta 2019rako erronka berriak
Lantegi Batuak-ek aurrera egin zuen kudeaketa eta etengabeko hobekuntzaren eredu baten garapenean. Helburua zerbitzu lehiakorragoak eta balio erantsi handiagoa eskaintzea da. Gainera, eskaintza integral baten aldeko apustua egin da, erakunde pribatu zein publikoei begira.
Era berean, Lantegi Batuak-ek Sestaoko zentro berriko jarduerari ekingo dio berriz ere. Zentroa % 100ean arituko da lanean 2019ko bigarren seihilekoan. Espezializazioa zirkuitu elektriko eta kableatuen fabrikazioa, eta ekipo elektrikoen mihiztatzea da.
Era berean, Lantegi Batuak erakundeak zentro logistiko berri bat jarri du martxan, Iurretan, eta bezeroen artean dagoen zerbitzu logistikoen eskaera handiari erantzuteko lan egingo du.
2019an, dibertsifikazio estrategiaren barruan, Lantegi Batuak erakundeak NAIA proiektua sustatzen jarraituko du, modu ekologikoan ekoitzitako barazki eta entsaladen bidez. Horrela, nekazaritza praktika iraunkorrak eta desgaitasuna duten pertsonen laneratzea uztartuko ditu. Azkenik, adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako laguntza-baliabideak pertsonalizatzeko asmoz, Lantegi Batuak erakundeak zahartze aktiboa sustatzen jarraituko du, Egokiplan delakoaren bidez. Esku-hartze eredu berritzaile hori Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera ezarri da.
2018 – 2021 Hitzarmen kolektiboa
Lantegi Batuak erakundeak hitzarmen kolektibo bat sinatu berri du, 4 urterako (2018-2021). Lan esparru berri horretan % 2,5eko soldata-igoera aurreikusi da 2018rako eta gainerako urteetarako % 1,1ekoa (2019); % 1,2koa (2020); eta % 1,3koa (2021). Gainera, ordainsari aldakor bat egongo da, ez kontsolidagarria, % 3ra arte, emaitzen arabera.
Hitzarmen kolektiboaren barruan hainbat hobekuntza sozial jaso dira; hala nola, lanaldia murriztea, egonkortasuna hobetzea, muga gabeko ehun kontratazio egitea, desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasun handiagoa, berdintasuna, kontziliazioa, euskara, eta abar.
Lantegi Batuak irabazi asmorik gabeko erakundea da eta desgaitasuna duten pertsonentzako lan aukerak sortzen ditu. Gorabidek, adimen-desgaitasuna duten pertsonen alde lan egiten duen Bizkaiko erakundeak, sortutakoa da. Erakundeak 25 zentro dauzka eta zerbitzu sare zabala eskaintzen du Bizkaian. Zentrootan, 3.000 pertsona baino gehiago aritzen dira, horietatik 2.700ek desgaitasunen bat dutenak.
Lantegi Batuak-ek 1.000 bezerotik gora ditu industria arloko outsorcing eta facility services delakoetan eta kudeaketaren oinarria pertsonetan zentratutako balioak, iraunkortasuna eta bikaintasuna dira, bai bezeroenganako zerbitzuetan, bai pertsonei babesa emateko zerbitzuetan. Bere ibilbidean zehar, erakundeak desgaitasuna duten 5.000 pertsona baino gehiagori lagundu die lana aurkitzen.
www.lantegibatuak.eus
www.cienporciencapaces.com
Zalantzarik bai?
Jarri harremanetan gurekin
Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika