LANTEGI BATUAKEK 40 URTE BETE DITU ETA, IBILBIDE HORRETAN, 236 MILIOI EUROKO BALIO SOZIAL INTEGRATUA SORTU DU BIZKAIAN

May, 2023

Lantegi Batuak Gorabide Adimen Desgaitasuna duten Pertsonen aldeko Bizkaiko Elkartearen babesean sortu zen 1983an, eta, lau hamarkada geroago, Bizkaian errotuta dagoen erakunde bat da, pertsona erdigunean jartzen duen enpresa-eredu sozial batean oinarritua. Hori horrela, Lantegi Batuakek eskaintzen duen industria eta zerbitzu jarduera gizarte inklusiboago batean laguntzeko tresna da.

Gaur egun, Lantegi Batuakek 20 industria-zentro ditu Bizkaiko eskualde guztietan, eta, dibertsifikazioaren ondorioz, zerbitzu-sare zabal bat eskaintzen du (lorezaintza, garbiketa, dokumentu-kudeaketa, vendinga, mendekotasunari laguntzea...). Horietan guztietan, 3.179 pertsonak lan egiten dute.

Hazkunde jasangarriari eta erakundearen dibertsifikazioaren aldeko apustuari esker, 40 urteko ibilbide honetan 8.500 lan-aukera baino gehiago sortu dira Bizkaian desgaitasuna duten pertsonei zuzendurik.

Ibilbide horren isla da Lantegi Batuakek sortutako balio sozial integratua, zeina 235,9 milioi eurokoa izan baitzen 2022an. Balio sozial integratuak interakzioan jarduten duen interes-taldeetan sortutako inpaktua islatzen du, eta horien artean ageri dira, besteak beste, desgaitasuna duten pertsonak eta haien familiak, langileak, administrazio publikoak, bezeroak eta hornitzaileak, eta abar. Kontabilitate soziala aplikatuz lortzen da balio hori —Lantegi Batuakek hamar urtean baino gehiagoan erabiltzen duen tresna—.

2022ko balantzea

2022an, Lantegi Batuakek 61 lan-aukera berri sortu zituen desgaitasuna duten pertsonentzat; horietako 34 zentro eta zerbitzuen sarean, eta beste 27 enpresa arruntetan. Horrenbestez, pandemiaren aurreko indizeetara itzuli zen. Gaur egun, adimen-desgaitasuna duten 127 pertsona ari dira lanean Bizkaiko enpresetan, Lantegi Batuakek lagundutako enplegu-programari esker.

Enplegu-zifra horiek lortzeko, funtsezkoa izan zen beste behin ere pertsonen prestakuntza-ahalegina, ez alderdi teknikoenetan soilik, baizik eta haien autonomiarekin eta garapen soziolaboralarekin lotutako alderdi guztietan ere bai.

Lantegi Batuaken negozio-zifra 93,9 milioi eurokoa izan zen 2022an, eta sortzen dituen soberakin guztiak itzuli zituen, 4,17 milioi euroko inbertsioekin.

Industria-sektorean egiten duen jarduerari dagokionez, etengabeko hobekuntza-prozesua indartzen eta inbertsio teknologikoen aldeko apustua egiten jarraitu da. Bi oinarri horiei esker, gero eta eskari handiagoari erantzun ahal izan zaio, batez ere ekipamendu elektrikoaren sektorean.

Zerbitzuen arloan ere jarduera handiko urtea izan da. Urduñako Udalerako garbiketa eta lorezaintza zerbitzuak eta halako lizitazioak berritu ziren, baita Iurretako garbiketa zerbitzuak eta Elorrioko Zumelegi egoitzakoa ere. Gaur egun, Lantegi Batuak Bizkaiko 40 udalerritan dago presente, eta hainbat alorretako soluzioak eskaintzen ditu, hala nola garbiketa, lorezaintza, dokumentu-kudeaketa edo mendekotasuna edo desgaitasuna duten

pertsonentzat egokitutako soluzioak (etxeko otordu-zerbitzuak eta autonomia pertsonaleko produktuak, esaterako).

Era berean, jardueraren kudeaketa eraldaketa digitalean izandako aurrerapenek markatu dute berriro. Prozesu hori duela urte batzuk hasi zen, hainbat kudeaketa-tresna ezarrita.

40. urteurrenaren ospakizuna

40. urteurrenaren inguruko ospakizunek pertsonak dituzte ardatz nagusi, nola ez. Lau hamarkada hauetan haiek guztiek eginiko lana nabarmentzea, oroitzea eta eskertzea da helburua, Lantegi Batuak proiektua gauzatzen eta iraunarazten jardun eta jarduten dutelako.

Lehen oroitzapen-ekintzari maiatz honetan bertan eman zaio hasiera, Metro Bilbaorekin lankidetzan antolatutako erakusketa ibiltari batekin. (www.metrobilbao.eus). Erakusketa hilabete honetan guztian zehar ikus daiteke Indautxuko eta Moyuako geltokietan. Ekainean Santutxuko geltokian izango da; ondoren, sareko beste geltoki batzuetan barrena jarraituko du bidaiatzen.

Erakusketa hori Lantegi Batuaken historian murgiltzen da, 40 urteotan gizarteratzearen aldeko lanean lekuko eta partaide izan diren zenbait pertsonaren eskutik. Datozen asteotan zabalduko den bideo baten protagonistak ere badira gizon-emakume horiek.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika