LANTEGI BATUAKEK ELEKTRONIKAN ESPEZIALIZATUTAKO BESTE ZENTRO BAT DAUKA, SESTAOKOA

Oct, 2019

Lantegi Batuakek Sestaoko zentro berria inauguratu du gaur, Sestao Bai industrialdean. Batez ere, ekipamendu elektrikoen ondasunen mihiztadura, kableatua eta zirkuitu elektrikoen fabrikazioa izango dira egiteko nagusiak. Energia sektoreko balio-kate osoko produktu eta konponbideak; sorkuntza, kontrola, banaketa elektrikoa, energia berriztagarrietarako ekipamendua -eolikoa eta fotovoltaikoa- eta sare adimendunak. Zentro berrian egindako inbertsio osoa, lurzoruaren erosketa, eraikuntza eta ekipamendua barne, 4 milioi eurotik gorakoa da.

Proiektuak hainbat diru-laguntza jaso ditu: batetik, Bizkaiko Foru Aldundiarena, gizarte azpiegituretarako inbertsioaren bidez (500.000€); bestetik, Eusko Jaurlaritzak produkzio ekipamendurako laguntza eman du (200.000 €); azkenik, Sestaoko Udalak gizarte ekipamendurako ekarpena egin du (20.000 €).

Instalazio berriei esker, Lantegi Batuak enpresak ekipamendu elektrikoen ondasun sektorerako neurrirako konponbideen aukera zabala sendotuko da. Izan ere, sektore horretan zerbitzua ematen du, elektronika, muntaketa elektromekaniko, eraldaketa metaliko, kableatu eta konponbide logistikoak landuz.

Honako enpresei eskaintzen zaizkie teknologia anitzeko konponbideak, beste batzuen artean: Ormazabal (Velatia Taldea), Arteche Taldea (Schneider Electric Group), Pronutec (GorlanTeam), Ingeteam eta ZIV (CromptonGreaves CG Group). Enpresa horiek, era berean, Iberdrolaren eta beste energia konpainia batzuen lehen mailako hornitzaileak dira.

Sestaoko zentro berriak desgaitasuna duten Ezkerraldeko 100 pertsonentzako lan aukerak sortuko dituela aurreikusi da. Gaur egun, 80 pertsona ari dira zentroan lanean. % 82k adimen desgaitasuna, desgaitasun fisikoa edo buruko gaixotasuna dute. Orokorrean, Lantegi Batuakeko zentro-sareak adimen desgaitasuna duten bostehun pertsona ingururi ematen die lana, energiaren sektorean.

BBK Sestao Elektronika

Instalazio horietan, gainera, BBK Sestao Elektronika zentroa dago kokatuta. Desgaitasuna duten pertsonentzako lanbide-heziketaren arloko proiektu aitzindaria da; izan ere, elektronika arloko ziurtagiria eskaintzen du eta ikasketa metodo berritzaile eta material egokituak erabiltzen dira. BBK erakundeak diruz lagundu du ekimena, 200.000€-ko ekarpena eginez.

Enpleguaren sustapena Ezkerraldean

Sestaoko zentroa Lantegi Batuaken Bizkaiko hogeita bigarren zentroa izango da. Gainera, horri esker Ezkerraldean sendotu egingo da gizarte erakunde horren presentzia, Sestaoko antzinako zentroaz gain hau ere egongo baita. Gaur egun, Lantegi Batuak osatzen duten pertsonen artean, desgaitasuna duten 306 pertsona datoz eskualde horretako herrietatik.

Era berean, BBK Sestao Elektronika zentroak desgaitasuna duten pertsonen prestakuntza bideratuko du, etorkizunera begira.

Gainera, inguru horretan enplegua aktibatzeko neurri garrantzitsua izango da, izan ere, Bizkaiko langabezia-tasa altuena da bertakoa. Proiektu honi esker, desgaitasuna duten Sestaoko eta, orokorrean, Ezkerralde osoko pertsonentzako plaza okupazional eta enplegu beharrizanak epe ertain eta luzera betetzen joango dira.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika