Nov, 2023
Osakidetzak, gaur, lankidetza-hitzarmen bat sinatu du APNABI - Autismo Bizkaia, Gaude, Euskadiko Down-en Sindromearen Fundazioa, Lantegi Batuak, Gureak Araba eta Gureak elkarteekin, eta haren helburu nagusia da adimen-desgaitasuna duten pertsonak Euskal Osasun Zerbitzu Publikoko lanpostuetan txertatzea eta finkatzea.
Gaur Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko Sailburuak eta Osakidetzako Administrazio Kontseiluko presidenteak, eta erakunde horietako ordezkariek sinatu dute hitzarmena; erakunde horiek guztiak EHLABEn (desgaitasuna duten pertsonen gizarte- eta lan-inklusioa sustatzen duten irabazi-asmorik gabeko entitateen Euskadiko elkartea), Euskadiko Erabateko Inklusiorako FEVASen (adimen-desgaitasuna duten pertsonen aldeko entitateen Euskadiko elkartea) eta Laguntza duen Enpleguaren Euskadiko Foroan daude. Hitzarmen horren helburua da Osakidetzan zerbitzuak emango dituzten adimen-desgaitasuna duten pertsonen lanpostuan funtzioen egokitzapena eta garapena erraztea eta bultzatzea.
Osasuneko Sailburuak esan du ziur dagoela akordioari esker eremu horretako elkarlana sendotuko dela, eta, batik bat, adimen-desgaitasuna duten pertsonen lan- eta gizarte-inklusioan aurrera egiten jarraituko dela. Gogorarazi du, hori horrela, Osakidetzak onetsi dituela, dagoeneko, adimen-desgaitasuna duten pertsonei gordetako plazak dituzten enplegu publikoko eskaintzak, zenbait lanbide-kategoriatan, eta bide horretatik jarraitzeko asmoa duela.
Gotzone Sagarduik entitate sinatzaileek garatzen duten funtsezko lana nabarmendu du bereziki; izan ere, adimen-desgaitasuna duten pertsonen eskubideen sustatzaileak dira, bai eta haien bizi-kalitatea hobetzeko eragile aktiboak ere, kontuan izanik horretarako haien beharretatik eta haien familienetatik abiatutako laguntza- eta kalitate-programak eskaintzen dituztela, haien erabateko inklusiorako eta gizarte-partaidetzarako bide emango dutenak, herritar diren aldetik.
Bestalde, entitateek hitzarmenaren balorazio positiboa egin dute; izan ere, aurrerapausoa dakar gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa sortzeko. Gainera, eragileen arteko elkarlana, zehazki administrazio publikoaren eta hirugarren sektorearen artekoa, desgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasunean aurrera egiteko ezinbestekoa dela nabarmendu dute.
Gaur sinatutako hitzarmenaren garapena alde guztietako ordezkariek eratutako Jarraipen Batzorde batek ebaluatuko du. Hitzarmenaren indarraldia 4 urtekoa izango da, eta luzagarria izango da.
Zalantzarik bai?
Jarri harremanetan gurekin
Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika